Lur planeta

Astroen mugimenduarekin zerikusia duten fenomeno naturalak: urtaroak, eguna eta gaua… Lurraren klima, eta atmosfera


Lurra, planeta bezala
Gure bizilekua Lur deritzon planeta txiki bat da eta izar baten inguruan dabil biraka, Eguzkiaren inguruan, hain zuzen ere. Lurretik hurbil eta Eguzkiaren inguruan planetak eta beste gorputz batzuk ere badaude, hala nola, sateliteak, asteroideak, kometak... Urrutiago, beste izar batzuk eta izar horiek sortu diren inguruko gas-lainoak daude. Planetak, izarrak, galaxiak, galaxia multzoak, gas eta izar hautsaz gain, kometak, meteoritoak eta zulo beltzek osatzen dute unibertsoa.

Astroen mugimenduarekin zerikusia duten fenomeno naturalak: urtaroak, eguna eta gaua, eklipseak...
Eguzki sistemako planetek bi mugimendu egiten dituzte nagusiki:
Errotazioa: beren ardatzaren inguruan birak ematen dituzte. Bira batek planetaren “egunaren” iraupena zehazten du;
Translazioa: eguzkiaren inguruan osatzen duten orbita da. Bira batek planeta horren “urtea” zehazten du.
Planetek ia plano berean ematen dituzte birak, baina Eguzkitik urrutien dauden planeten translazio-aldiak luzeagoak izaten dira. Forma esferikoa dute eta poloetan apur bat zapalduta daude. Material pisutsuenak nukleoan edo barneko aldean daude eta arinenek, hala nola gasek, atmosfera osatzen dute, planetako alderdirik kanpokoena. Planeta gehienek sateliteak dituzte eta horiek ere ez dute berezko argirik.

Lurraren errotazio mugimendua
Lurrak bere ardatzaren inguruan mendebaldetik ekialderantz egiten du bira errotazio-mugimenduaren ondorioz. Lurraren errotazio-ardatza okertuta dago .
Lurra esfera bat dela kontuan hartzen badugu, eguzki-izpiek gainazalaren guneen arabera zuzenean edo zeharka jotzen dute. Izpi perpendikularrak jasotzen dituzten guneetan gainerakoetan baino bero handiagoa egiten du. Izpiek zeharka jotzen duten tokietan aldiz, ez du halako berorik egiten.
Aipatutakoaren ondorioz, Lurreko gainazaleko puntu guztiek ez dute berotasun bera jasotzen.
Horregatik, Lurrean zenbait gune daude:
  • Gune beroa ekuatorearen inguruan. Eguzki-izpiek perpendikularki jotzen dute urte osoan zehar.
  • Bi inguru epel, ekuatorearen iparraldean bata eta hegoaldean bestea.
  • Bi gune hotz, Lurreko bi poloetatik hurbil.
Lurra ia esfera bat denez, planetaren zati batek Eguzkiaren argia hartzen duenean, bestea ilunpetan geratzen da; gune horretan gaua da. Eguzkiaren argia jasotzen duen aldean, berriz,eguna da. Lurreko zenbait tokitan oso fenomeno harrigarria gertatzen da: gauerdiko eguzkia. Gauaren iraupena benetan laburra da. Honela, ekainean zehar, Islandia Gauerdiko Eguzkiaren Lurralde bihurtzen da, egunean zehar 20 argi-ordu baino gehiago egoten baitira. Dena dela, gertaera horren adibiderik nabarmenena Bodo izan daiteke, Norvegiaren iparraldean, izan ere, ekainaren 21ean Eguzkia ez da guztiz sartzen lurralde honetan.
Lurrak bere ardatzaren inguruan bira oso bat (360º) emateko behar duen denbora-tarteari egunaesaten zaio. Egun bat 24 zatitan banatzen da eta zati horietako bakoitzari ordu esaten zaio. Zehatzago esanda, egun batek 23 ordu, 56 minutu eta 4 segundo ditu.
Ordua, Lurreko tokian tokiko kokapenaren arabera, aldatu egiten da. Inguru bakoitzean zer ordu den jakiteko Lurra 24 ordu-eremutan banatzen da.

Lurraren translazio mugimendua
Translazio-mugimendua Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimendua da. Horretarako, 365 egun, 6 ordu eta 9 minutu behar ditu Lurrak eta denbora horri urte esaten zaio. Lurrak ibilbide horretan egiten duen orbita ez da zirkularra, elipse-forma du; beraz, urtean zehar Lurretik Eguzkira dagoen distantzia aldatu egiten da: laburrena urtarrilaren hasierakoa da eta perihelio izena du, 147 milioi km-rekin; luzeenak afelio du izena eta 152 milioi km-koa da.
Translazio-mugimenduaren eta Lurreko ardatzaren kokapen makurraren ondorio nagusiakurtaroak dira: udaberria, uda, udazkena eta negua. Urtaro horiek ez datoz bat Ipar eta Hego hemisferioetan.
Bestetik, makurdura horrek egunen eta gauen iraupen desberdinak ere sortzen ditu. Beraz, iraupen luzeenak eta laburrenak ekainaren 22 eta abenduaren 22 inguruko solstizioetan gertatzen dira. Era berean, beste bi unetan ere egunaren eta gauaren iraupena berbera da: irailaren 23 eta martxoaren 21 inguruko ekinozioak dira. Egun horien artean garatzen dira urtaroak: udaberria, uda, udazkena eta negua. Ipar hemisferioan, ekainaren 22ko solstizioa udaren hasierari dagokio. Hego hemisferioan, aldiz, urteko egunik laburrena da egun hori, eta orduan hasten da negua. Udaberriko eta udazkeneko ekinozioetan egunek bi hemisferioetan berdin irauten dute.

Atmosfera
Hainbat geruzak osatzen du Lurra: atmosfera, hidrosfera, litosfera, mantua eta nukleoa.
Atmosfera Lurra inguratzen duen 1.000 km. inguruko gasezko geruza bat da. Atmosferari, esker dago bizia gure munduan. Atmosfera hainbat gasez osatuta dago (nitrogenoa, oxigenoa, karbono-dioxidoa, ozonoa…), eta horietako batzuk ezinbestekoak dira izaki bizidunentzat. Bestetik, atmosferak tenperatura erregulatzen du, eta horri esker, Lurra ez da gehiegi berotzen ezta hozten ere. Gainera, ozono geruzari esker, Eguzkiko izpi ultramoreek izaki bizidunei ez diete kalterik egiten.
Atmosferan hainbat zabalera eta ezaugarri dituzten geruza batzuk bereizten dira:
Troposfera: lurrazaletik gertuen dagoen geruza da, eta 10 km-ko altuerara iristen da. Troposferan airearen hiru laurdenak eta atmosferako ur-lurrun guztia daude. Hodeiak osatzeaz gain, fenomeno atmosferikoak ere, bertan gertatzen dira, eta horiek eguraldi mota eta klimak sorrarazten dituzte.
Estratosfera: 10 km-tik 50 km-ra bitartean dago. Bertan airea arrarifikatu egiten da, eta oxigenoa murriztu egiten denez, izaki bizidunek ezin dute bertan bizi. Beheko zatian, altitudeak ez ditu tenperaturak aldarazten ia, baina gora egiten den neurrian igo egiten dira oso azkar, bertan aurkitzen den ozono geruzak gizakiarentzat kaltegarriak diren Eguzkiko izpi ultramoreak xurgatzen baititu.
Mesosfera: 80 km. arteko altuerara iristen da, gutxi gorabehera; tenperaturak jaitsi egiten dira pixkanaka geruza honetan gorantz egin ahala.
Termosfera: 1.000 km-ra iristen da; izena, bertako tenperaturak altuak direlako hartu du.

Klima
Klima grezieratik dator, klima hitzetik, dator eta Eguzkiaren inklinazioari egiten dio erreferentzia. Garrantzitsua da eguraldia eta klima hitzak ez nahastea. Lehenengoa, une zehatz batean dagoen atmosferaren egoeraz aritzeko erabiltzen dugu, eta klima berriz, eskualde batean ematen diren baldintza atmosferikoen multzoa da, hau da, klima urteetan zehar eskualde batean izaten den eguraldi atmosferikoaren konstanteen segida da.
Lurreko gune zehatz bateko klima ez da soilik latitudearen (hau da Eguzkiaren inklinazioak ematen duena) araberakoa izango, altitudea, zoru mota, ozeanoarekiko distantzia, mendiekiko erlazioa etab. ere, kontuan hartu beharko ditugu.
Klima bat definitu ahal izateko honelako faktoreak kontuan hartu behar ditugu: batez besteko tenperatura, prezipitazioak, presio atmosferikoa, haizea, airearen hezetasuna, eguzkitan egiten diren orduak etab.
Klimaren faktore nagusiak aztertuko ditugu:
Prezipitazioak. Toki batean egoeratan (euritan, elurretan, kazkabarrean) erortzen den ur kopurua da. Plubiometroaren bidez neurtzen da, eta metro koadro bakoitzeko litrotan edo mm-tan adierazten da.
Tenperaturak. Airearen bero maila adierazten dute. Termometroaren bidez, eta gradu zentigradotan (º C) neurtzen da. Leku zehatz bateko tenperatura maximoak, minimoak edo batez bestekoak eman ohi dira.
Presio atmosferikoa. Lurrazalaren puntu batean dagoen aireak egiten duen presioa da. Barometroaren bidez neurtzen da eta milibareetan (mb.) adierazten da. Eguraldiari buruzko mapetan isobaren bidez azaltzen da, eta horiek atmosferan presio bera duten puntuak batzen dituzten lerroak dira. Presio hori 1.015 mb-tik beherakoa denean (behe-presioak edo ekaitza), hodeiak agertzen dira eta euria egiten du. 1.015 mb-tik gorakoa denean (goi-presioa edo antizikloia), ez dira hodeiak sortzen eta eguraldia lehorra izan ohi da.
Urtetan klimaren faktoreak aztertu ondoren, hainbat eremu klimatiko daudela jakin da. Horiek Ekuatorearen bi aldeetara eskualde zabaletan banatzen dira.

Klima hotzen artean, bi klima mota bereiziko ditugu: mendikoa eta polarra.
  • Mendiko Klima tropikoen arteko eremuko, eta eremu epeleko mendikateetako eta mendi garaietako klima da. Gora egin ahala, tenperaturak behera egiten duenez, (1.000 m-ko 6 ºC gutxi gorabehera) gailur altuenetan oso tenperatura baxuak egoten dira neguan eta epeltxoagoak udan, nahiz eta askotan 10 ºC-ra iritsi ez.
Prezipitazioak ugariak izaten dira; neguan batez ere, elurra egiten du. Elurra pilatzen denez, gune honetako ibaiek uhaldi handiak izaten dituzte. Hemengo faunan, otsoak, azeriak, oreinak etab. aurki ditzakegu.
  • Klima polarra Lurraren iparraldeko eta hegoaldeko muturretan aurkitzen dugu, zirkulu polarren inguruan. Tenperaturak oso hotzak izaten dira, ia beti 0 ºC-tik behera. Prezipitazioak urriak izaten dira, eta egitekotan, elurra izaten da gehienetan.
Klima beroak, berriz, bi tropikoen artean aurkitzen ditugu. Hiru klima mota daude inguru honetan: klima ekuatoriala, klima tropikala eta basamortuko klima.
  • Klima ekuatoriala. Tenperaturak altuak izaten dira urte osoan, 25/27 °C ingurukoak. Tenperaturak oso gutxi aldatzen dira eta, horregatik, negurik ez dagoela esan daiteke. Prezipitazioak ugariak dira, urte osoan zehar 2.000 mm inguru. Ez dago urtaro lehorrik.
Eremu klimatiko honetan daude munduko emari handieneko ibaiak, Amazonas eta Kongo besteak beste. Ondorioz, ibaiek gainezka egiten dute eta zenbait urtarotan uholdeak izaten dira.
  • Klima Tropikala. Tenperaturak altuak dira urte osoan zehar, baina urteko bi urtaroetan aldaketak egoten dira: udan 25/30 °C eta neguan 20/23 °C. Prezipitazioak batez ere, udan izaten dira, uda baita urtaro hezea; negua, aldiz, urtaro lehorra da. Dena den, urtean 1.000 mm-tik gorako prezipitazioak izaten dira.
Ibaiak, izugarri aldatzen dira urtaroen arabera. Emaria aldatu egiten da urtaroen arabera. Urtaro hezean uhaldi handiak izaten dira eta, ondorioz, askotan uholdeak gertatzen dira. Ibai hauen artean ezagunenak hauexek dira: Niger eta Zambezi Afrikan, Orinoko Amerikan eta Ganges Asian.
  • Basamortuko Klima. Udan tenperaturak oso altuak dira (40 °C-tik gorakoak) eta neguan epelak (25 °C inguru). Egunaren eta gauaren artean, tenperatura-aldaketa oso handia da, 40/45 º-raino irits baitaiteke. Oso euri gutxi egiten du eta gainera, oso irregularki; urtean 200 mm baino gutxiago egiten du.
Ezin da hitz egin eremu horretako ibaiez, ez baitago ibaien ibilgu finkorik. Gehienez ere, wadiak aurki daitezke, eta horiek gaur egun lehortuta dauden uraren ibilgu zaharrak, edo ura soilik noizean behin eramaten dutenak dira.
Tropikoen iparraldera eta hegoaldera Klima epelak daude, Eurasiako eta Ipar Amerikako masa kontinental handietan. Hiru klima mota bereiz ditzakegu: mediterranearra, ozeanikoa eta kontinentala.
  • Klima mediterranearra: Neguak nahiko epelak izaten dira eta udak, berriz, beroak eta lehorrak. Prezipitazioak urriak eta irregularrak izaten dira eta urtean ez ditu 800 mm. baino gehiago egiten. Urtaro lehorrean, udan, ez du ia euririk egiten.
Ibaiek ez dute emari handirik eta nahiko irregularrak dira, urtaroen arabera aldatu egiten baitira. Ibai motzak dira eta uhaldi eta agorraldi handiak izaten dituzte. Horrelako ibaien adibide ditugu Ebro, Rodano eta Po ibaiak.
  • Klima ozeanikoa: Amerikako eta Europako kostaldeko klima da. Tenperaturak nahiko epelak edo freskoak dira, baina ez da aldaketa nabarmenik izaten urtaroen arabera. Euria maiz egiten du eta urtean 900 mm. baino gehiago izaten dira.
Ibaien emaria urte osoan antzekoa izan ohi da, udan apur bat behera egiten badute ere. Ibai ezagunenak Rhin, Sena eta Danubio dira.
  • Klima kontinentala: Kontinenteen barnean ageri da. Neguak hotzak eta luzeak izaten dira eta udak, berriz, beroak. Tenperatura-aldaketa handiak izaten dira eta prezipitazioak, berriz, urtean 600 mm ingurukoak.
Landaredi mota nagusia taiga edo baso boreala. Badaude hosto iraunkorreko zuhaitzak ere, pinuak, izeiak eta urkiak, batik bat. Faunaren ezaugarri, hartzak, elur-oreinak, altzeak, otsoak etab. dira. Klima horretako ibai nagusiak Mackenzie, Lena, Volga eta Amur dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario